Jesuiten Sektore Sozialak bat egin du Kanariar Uharteetara iristen diren migratzaileei laguntza juridikorik ez emateagatik eta eskubideei buruzko informaziorik ez eskaintzeagatik herritarrek jarritako salaketekin

Hainbat erakundek, Las Palmaseko Abokatuen Elkargoa barne, salatu dute ez dela abokatuen eta interpreteen laguntzarik eskaintzen migratzaileak identifikatu ahal izateko poliziak Kanarietan egiten dituen lehen jardueretan.

Ondorioz, pertsonek ez dute legeak aurreikusitako bermerik. Lege-esparrua ezagutu gabe, nekez adieraz ditzakete beren babes-beharrak. Aurrez ere hainbat erakundek salatu dute Kanariar Uharteetara iristen diren migratzaileei harrera egiteko baldintza txarrak daudela, nazioarteko babes-profila izan ala ez; Eskubidedun Migratzaileen Sarea da salatzaileetako bat eta Sare horretan dago Jesusen Lagundiaren Sektore Soziala.

Sektore Soziala JRSren (Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzua) parte da, eta hegoaldeko mugan esperientzia du SJMren bidez; jatorrizko eta igarotzeko herrialdeetan ere bada esperientzia Alboan eta EntreCulturasen bidez; eta haurrekin eta gazteekin ere bai Mimbre sarearen bidez; harreman estua du migrazioen elizbarrutiko idazkariekin, beste erakunde batzuekin eta egoeraren berri ematen duten kazetari batzuekin ere bai, haien lana eta aldarrikapenak babestuz. Bide horiek erabiliz jarri dira harremanetan, adibidez, Maliko migratzaile batzuekin, izan ere, babes subsidiarioaren bidez asilo-profila duten arren nazioarteko babesik eskatu gabe itzuliko dituzten beldur dira. Azaldu dutenez, iritsi eta hurrengo egunean poliziak agiri bat eman zien. Itzultzaile batek esan zien paper horrek ez zuela esan nahi nahitaez itzuli egingo zituztenik. Baina abokatu bat bera ere ez dute izan eskubideen berri ematen eta nazioarteko babesa nola eskatu behar duten azaltzen ere ez. Abokatuen eta interpreteen izenik ere ez zietenez eman, ezin izan dira haiekin harremanetan egon. Bi hilabete igaro dira eta hotel batean daude konfinatuta, berrogeialdia igarotzen; inork ez die eskubideei buruzko aholkurik eman eta babesa eskatzeko eman beharreko urratsez ezer esan. Poliziak Malira itzuliko dituen beldur dira, gatazka armatuan dagoen herrialdera.